XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beste hamar egun ez ziren pasatu Laurak bere ohera gonbidatu zuenerako.

Berak gutxien uste zuen egunean, hain zuzen.

Jatorra neska.

Eta han zihoazen orain, goxo-goxo bidean, sargori nahiz elurrei beldurrik ez zien bikote inbidiagarri, Gusek berak ere ezin izan baitzuen sinetsi hasieran: Laurarekin? Hi?

Laurarekin, bai bera.

Hantxe zeukan, ametsetan lagun, Laura begia ixterako geratzen baita lo, ez bera bezala.

Ez zuen somatu harridura baino Gusen erreakzioan.

Gero, hala ere, normalean erabiltzen ez zuen doinu ia larri batez esan zion: Ondo trata ezak.

Ondo tratatu? Horixe ondo tratatu.

Halakoxe ateraldiak izaten zituen Gusek.

Esanez bezala: Nik ezagutzen diat.

Neska jatorra duk, merezi duena.

Eta hi ere ezagutzen haut...

Izorra hadi, ba, Gus.

Hementxe naukak, zoriontsu bete-bete.

Eta galdetu Laurari nola dagoen.

Laura zoriontsu ez balitz ez bainengoke ni nagoen bezain...

Sargori zagok, bai, eta zangoa... baina Lauraren freskura diat ondoan.

Elurretan bero eta berotan fresko.

Laura.

Eskerrik asko arrosa harekin bidaltzeagatik.

Maitagarria duk oso, esan hidan, eta nik, ez zakiat zergatik, itsusia zela esateko beste modu bat zela pentsatu nian.

Baina ez zuan.

Maitagarria bai; baina itsusia, batere ez.

Eta hemen gaudek orain.

Laura eta biok.